XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HAZPARNE HANKUTSIK

Antzerkiak zer edo nor du hel-bu-ru-tzat?

Non bururatzen da; eta errealitatea non hasten da?

Mendez mende antzerkia (idatzitako antzerkia; ez pastoralak...) zeharo publikoaz at izaten zen.

Horretakotz antzerkilariek podium baten gainean jokatzen zuten.

Bainan gure mendeko antzerkiak (Brecht; Ariane Mnouchkine eta beste) geroz gehiago bereiztasun hori hautsi nahi du, beti eta maizago publikoari partiziparaziz.

Antzerki berriek publikoaren pasibotasunaz ez dute deus gehiagorik entzun nahi; nahiz eta pasibotasun hori gure gizartearen eritasun bat bezala azaldu (telebistaren; irratiaren eta beste mass-medien bidez), antzerkiak inaktibitatetasun hori hautsi nahian ari dira.

Zapeta Xilotik antzerkia Hazparneko Bordaxuri taldeak egina da.

Hemen ere galda egin genezake non hasten den antzerkia eta non errealitatea?

Antzerkiaren mamia Hazparneko problema bertan finkatzen baita.

Ez Hazparnekoan baizik.

Xuberoakoan ere, eta begi handi batez ikerturik Ipar Euskadi osoaren bihotzean.

Mono-industrializazioaren dependentzia eta langabeziaz ari zaigu antzerkia.

Bainan zer gertatzen da doi-doia; non antzerkian ala egunoroko bizian?

SCOBA usinak (zapeten zolak egiten dituzte) otsailaren lehenetik 25 langile kalean ezarri ditu; batere segur berriro hartuak izango direnik; beste toki batetan 9 pertsonak ateak hertsiak ikusi dituzte, eskuz lan egiten duten guztiek, bakarrik lan egiten duten guztiak zapaten eskatzea eskatu zaie eta kinka larrian dira.

Hori Xuberoko errealitatea dugu.

Zenbat horko, berriz (usaia segitzeko erraiten dut berriz hori...) Pariserat abia beharko?

Zapeta Xilotiken gertatzen dena: Mattin, gazte bat, aldi batez sindikataren biltzar batean sobera " bortizki " mintzatu delakoan kalera bialtzen du nagusiak; eta herritik kanpo behar du lana xekatu.

Antzerkian ontsa eta xeheki azaltzen dira indar eta interes diferenteak: usinako nagusia kinka (marasme économique dio) dago; bai, bainan badaezpada milioin batzu Suizako edo beste herri batetako banko batean ontsa gorde eta baztertu ditu.

(Orain Suiza herri mesfigarri bat bihurtu da: han egon diren saltsak eta gero; orain kapital handiak Lichtenstein-era jotzen dute: Frantziako Barre lehen ministrak bezala...).

Nagusi Orobil-ek kinkan dagoenez gero Parisko, barka hemengo diputatuari dei egiten dio.

Diputatuak Bla, bla, bla, bla, baba... frango darabil, baina ekintza guti; dioena: Parisek agintzen eta manatzen duena, zuek hemengo nagusiek, bete behar duzue: hemen turismoak behar du heda: turismoak, horrela erabaki baitute Parisen: hemen turisma-rik baizik....

Herria eta nagusiaren arteko lokarri: ironikoa apeza dugu. Antzerkian aspaldiko apezek zuten papera betetzen du: hala nola otoitz egitea - jainkoari konfiantza egitea - beregan sinestea (eta besterik EZ EGITEA) predikatzen du: Denok dugu interes berdinak: zuek, langileek eta nagusiek eta Mattin-i, kalean lana gaberik dagoanari: Gaur egun iluna duzu, bainan bihar izanen duzu hobea!; eta nagusiarekin apeza whisky-a eratera joaten da.

Apezak agintzen duen guztia pasibotasun sakonean geratzea da: apeza diputatu eta usinaren nagusiaren ordezkaria da; diputatua Paris-ko ordezkaria den bezala.

Eta une batetan antzerkilariak publikoaren gana jiten dira traktak edo agiri batzu gure artean zabalerazirik.

Momentu honetan antzerkilariek eta ikusleek bat egiten dute: ez dugu bereizten ahal nor den jokatzaile, nor den entzule eta aktibo / pasibo errolak momentu batez suntsitzen dira.

Agirietan Hazparneko sindikatek beren nahiak argiki adierazten dituzte: aski dute mono-industrializazio hortaz.

Bereziki zapetaren industria biziki ahula da: zuzenki eguraldiaren menpe da; bestalde konkurrentzia beti eta latzagoago bat du: Asiako eta beste tokietako usinek (tiers monde edo neokolonialismoaz dependitzen duten herriak dira, zer nahi gisaz. Haik ere esplotazio itzel baten menpean daude...) zapetak, batez ere espartinak beti eta merkeagoak munduan zehar saltzen dituztelako.

Agirian ezarria den bezala: konparazioa dugu: Fougéresen: 3,19 libera pagatua da ordua eta Hazparnen: 2,85 libera: batez ere orain Barre-k gure ekonomi ministrak (e! zer nahi duzue ia? Ekonomiaz ere arduratzen da lehen Ministra): elektrika indarra ehuneko 8; esantza edo gasolina ehuneko 13; postaren zerbitzuak ehuneko 10: publiko zerbitzuak (konpreni beharra: estatuaren indartsuen zerbitzuak ere pagatu behar ditugula: nahi ala ez nahi): ehuneko 12; eta bultziak (nork zion merkeak zirela?) ehuneko 25 emetatu dituela: langileei plazer berezi bat ematen die orain hauteskundeak pasatu eta lurpean daudela...

Hazparneko langileen sindikatuak proposamendu konkretuagoak ez ditu emaiten ahal: nagusiek bere gora-behera guztiak publikoki agerraraztea eskatzen du: bai eta mono-industrializazio batek poly-industrializazio batera iragaitea.

(lehenik baldintza batzu kanbiaturik: ura ezarri, elektrika indarra irabazi, hots oinharrizko estrukturak aldatzea).

Ez dugu Afrikaren bihotzera joan beharrik sous-développement bat atxemaiteko, aski da hemen ikustea.

Antzerki-errealitate edo errealitate-antzerki hobe elkar ez nahastea.

Eta antzerkilaria publikoa bilakatzen da; publikoa, gu: eguneroko antzerkilari motelak podium batetan bilakatzen garen bezala.

Deputatuak erran eta oroitarazi daukun bezala Parisek du Ipar-Euskadi turismoarendako gorde nahi.

Gure besoetatik lana eta kanbiamenduak ekartzen ez baditugu, nihork ez dauzkigu ekarriko.

Antzerkia errealitateaz inspiratzen denez, antzerkiak errealitateaz publikoari eskaintzen diona: ez daitenei kontzientzi hartze bat.

KUKUSU.